XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lankide batek bigarren aholkua ematen dio erredaktore irudimen gabeari.

Esaten dio artista zahar asko dagoela zorrez beterik eta lanik gabe eta oso onak direla gaiztagin-paperak antzezteko.

Luzaroan bila ibili ondoren aktore zahar batekin topo egiten du baina baldintza batekin: seriea amaitzean erredaktoreak arazo guztiaren argibideak ematen baditu.

Hasten da seriea eta gizonak atseginez kontatzen du nola ito zituen aiton-amonak, asaltatu zituen bidaiariak eta kendu zien ahotik janaria haurrei, tratu txarra emanez.

Imintzioak egin eta ile tximajarioa eta eguneko bizarrarekin argazkia ateratzen uzten du, eta egunkariak agortu egiten dira.

Iristen da hirugarren seriea eta erredaktoreak amaitu egiten du bai irratian eta bai egunkarian hitza betetzeke eta gizona aktore bat dela esan gabe.

Gizonaren auzoak iheska hasten zaizkio eta batzuek ttu egiten diote.

Dendariek ez diote ezer saldu ere egin nahi, zeren bere argazkia nazioaren presidentearena baino ezagunagoa baita hirian.

Gizajo errukarri hura behin eta berriz doa irratira, baina erredaktoreak ez du hartzen eta ordu luzetan itxaroten egon ondoren aktoreak harrera egitea lortzen duenean, erredaktoreak esaten dio ez kezkatzeko eta agintzen dio biharamunean edo hurrenagokoan argitaratuko duela egia.

Handik hilabetera ez da jadanik ospetsua, baina auzoek, erredaktoreak agindu bezala, ez dute ahazten.

Azkenean aktorea, zarpailez estalirik eta gosez hiltzen, erredaktorearen zelatan jarri eta hil egiten du.

Egunkariak laugarren serie bat egiten du, irratiak ere bai, eta auzoek lasaiturik hartzen dute arnasa azkenean gizon hura giltzapean sartu dutelako.

Mahmudek ez du xehetasunik ahaztu.

Teatro batek egunen batean obra hau antzeztea edo ez, hori besterik da.

Habib eta osaba Salim poz-pozik daude.

Nik kontatu egin diet.

Auzoena ez zait hainbeste gustatu, baina Mahmudek dio jendeak dena sinesten duela era egokian aurkeztuz gero.